XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Badirudi, Arguedas eta kidekoen omen txarra ikusirik, indigenista direla Hego-Ameriketako separatista higuingarri horietakoak.

Izan ere, bere herrian aspaldidanik indioen genozidioa egina duen Argentina bat, nola kupida, indar politikorik gabe bazterturik datzan herriaz? Pobreziaren ispiritu aparta beharko du horrengana makurtu nahi duen idazleak.

Hogeitabost urteko gartzela egiten ari den Hugo Blanco-ri, Arguedas-ek ketxueraz idazten zion; eta Blanco-k, era berean, ketxueraz erantzuten barnetik.

Eta hau zion sindikalariak: Zergatik lotsatuko gara bada ketxueraz elkarri idazteaz? Gure hizkuntzaren leuna! Laguntza bat behar genduenean, deitu egiten genduenean, ketxueraz egiten genian... Ez ahal duk uste, gure hizkuntza espainerara itzultzea lortu dukalako, neure bihotza samurtu egiten zaidala? Orain denek ezagutuko diate; eta ketxueraz azal dezakegunaren atal txiki bat bederen sumatuko dik munduak.

Benetan: ez zekiat zer gertatzen den neregan hire iskribuak irakurtzen ditudanean.

Eta Arguedas erreboluziolariak erantzun: Ez ahal haiz, bada, hi heu, hacienda horietako gizajo horien buruzagitza hartu duena? Gure herrian zapalduenak, astoak eta zakurrak berak baino jipoituagoak, karkasarik higuingarrienez tatxatuok, ez ahal dituk herorrek bizkortu, haien arimak gogortuz? Bai! Eta heuk iraindu eta madarikatu dituk ketxueraz gamonalak, heuk behartu dituk zulotan ezkutatzera, xagutxoak bait liran.